Eduki curricularrak

Urmaelak, eduki curricularrak lantzeko aitzakia ederra

Urmaelak laborategi naturalak dira. Eskolako hainbat eduki curricular lantzeko gune aproposak. Hala, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa zein Unibertsitate mailako proiektuak garatu dira dagoeneko eskola ezberdinetan.

Gai batzuekiko izan dezakeen erlazioa nabarmena den arren, hala nola, ura, ekosistemak, fauna eta flora... zeharkako gai asko jorratzeko modua ematen dute urmaelek. Izan ere, urmaelak ez dira soilik ura duten zuloak. Urmaelaren ekosistema mailako funtzionamendua ezagutzeko, ezinbestekoa da urmaela bera eta ingurua ezagutzea.

Urmaelaren malgutasunak, beraz, aukera ematen du landu nahi den gaia dagokion adin mailara moldatzeko. Azken finean, urmaela bera aitzakia ederra delako liburuetan lantzen dena, laborategi natural moduan funtzionatzen duen hezegune honetan lantzeko.

Aranzadi Zientzia Elkartea urmaelei loturiko jarduera ezberdinak garatzen hasi da proiektuarekin batera, eta egun, 25 jarduera inguru ditu diseinatuak hezkuntza mailan landu ahal izateko. Natura, matematikak, euskara, ingelesea, toponimia, abestiak, idazmena, irakurmena, behaketa... gisako edukiak lantzeko aukera ematen du.