Zer da Eskoletako Urmaelen Sarea?
Eskoletako Urmaelen Sarea (EUS): Zer da?
Eskoletako Urmaelen Sarea (EUS) eskola inguruan urmaela edo putzua duten eta eremu hori erabilera didaktikorako erabiltzen duten Euskal Herriko ikastetxeen sarea da. Bere helburu nagusia eskola horien arteko lotura sustatzea eta esperientziak partekatzeko aukera ematea da.
Proiektu berritzailea
Eskoletan urmaelak sortzeko ideia Alemaniatik ekarri zuen Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Sailak. Tübingen herriko eskola batean, umeak naturara gerturatzeko eskolatik kanpo zegoen urmael batera joateko ohitura zutela ikusita, Euskal Herrian antzeko esperientzia bat egitea pentsatu zen. Hala, 2013an, Ereñotzuko Txirrita Herri ikastetxekoekin batera sortu zen aurreneko urmael didaktikoa, eta berari loturiko hilabete bateko hezkuntza proiektua garatu zen eskolan. Esperientzia berritzaile horrek jarraiera izan du, eta egun urmaelak eta horiei loturiko proiektuak eskola ezberdinetan topa ditzakegu.
Zergatik sortu urmaela eskola inguruan?
Urmaela sortzea, dudarik gabe, ingurumenaren eta biodibertsitatearen aldeko pausu garrantzitsua ematea da. Izan ere, historian zehar gizakiak urmaelak suntsitu izan ditu euren lekuan eraikuntzak jarri edota nekazal lurrak irabazteko. Hala, inguruko hainbat espezieren biziraupenerako ezinbestekoak diren ekosistema ahul eta zaurgarri horiek gutxitzen joan dira, azken hamarkadetan horien %75a desagertzeraino. Urmaelak, beraz, biodibertsitatearen iturri dira, baina era berean, funtzio interesgarria bete dezakete dibulgazio eta hezkuntza mailan. Izan ere, urmaelak hezkuntzan ekosistema baten modelo moduan erabili daitezke, funtzionamendu ekologikoaren inguruko kontaktu zuzena ahalbidetzen duten ikerketa eta behaketa jarduera ezberdinak egiteko. Hau da, ikasleentzako laborategi natural erakargarriak izan daitezke, hainbat eduki eta konpetentzia lantzeko gune egokiak. Azken urteetan, esaterako, asko izan dira urmaelen inguruan sorturiko STEAM proiektuak, STEAM konpetentziak garatzeko aukera bikaina ematen dutenak. Nahiz eta tamaina txikikoak izan, ekosistema baten egitura eta funtzio guztiak barne biltzen ditu: segida ekologikoak aztertu daitezke, espezieen arteko harremanak, biodibertsitatea eta honetarako kontserbazio estrategiak lantzea ahalbidetzen du era berean.
Eskoletako Urmaelen Sarearen hastapenak
Hezkuntzan urmael edo putzuek izan dezaketen erabilera dela eta, azken urteetan Aranzadi Zientzia Elkarteak hainbat eskoletan hezeguneak sortu edo egokitzeko lanak egin ditu. Horietan izandako esperientziek eta buruturiko proiektuek urmaelen inguruan sorturiko hainbat jarduera eta unitate didaktiko ekarri dituzte atzetik, eta horrek, era berean, eskola eta hezkuntza mailako elkarteen interesa sortu du. Eskolen inguruan sortzen diren urmaelek, beraz, alde guztientzako onurak ekartzen dituzte: inguruko fauna, flora, paisaia, biodibertsitatea eta hezkuntzako hainbat helburu lortzeko gune aproposak dira. Hala, urmaelak eskola inguruan sortzean win to win proiektu bat ari gara garatzen, alegia, denok irabazten aterako garen proiektua:
(1) eskoletako ikasleek eta irakasleek ikasturtean zehar landu beharreko eduki asko in situ behatu eta aztertzeko aukera izango dute bertan,
(2) zientzialariek informazio biltegi primerakoa izan daitekeen eremu berri bat izango dute, bertako datuak bildu eta Euskal Herriko datu basearen parte izango direnak,
(3) herritarrek azken hamarkadetan desagerrarazi ditugun inguruneak (mikrohezeguneak) eta biodibertsitatea berreskuratzearen abantailak jasoko dituzte eta nola ez
(4) bizidunek (landare urtar, ornogabe, anfibio eta abar), espezie askoren bizileku, ugal toki, bazkaleku edota ezkutaleku modura, haien biziraupena bermatzeko, eremu berri bat izango dute.