Higiene ohituren garrantzia

Higiene ohituren garrantzia urmaelean

Urmaelek duten erabilera didaktikoak, alabaina, ezin du oztopatu ekosistemaren bilakaera naturala eta osasuna. Horrela, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Eskoletako Urmaelen Sareko eskolei, laginketa egiteko garaian edota urmaelean lan egiteko momentuan jarraitu beharreko higiene ohiturei buruzko protokolo zorrotza azaltzen die. Protokolo hori urmaelak lagintzen dituzten ikertzaileek erabiltzen duten bera da, eta Declining Amphibian Task Force (Daptf kodigoa) izeneko higiene neurrietan dago oinarritua.

Horrekin, lortu nahi diren helburuak askotarikoak dira. Batetik, ikasleak naturarekiko errespetuz jokatzea eragin nahi da, eta bestetik, anfibioei loturiko gaixotasun emergenteen aurrean neurriak hartu nahi dira, horien erruz azken urteetan ikusten ari diren anfibioen heriotza masiboak saihesteko. Izan ere, higiene neurriek, umeen segurtasuna ez ezik, urmaela berarena ere zaindu egiten du, batetik bestera bakterio, onddo eta birusak igarotzea ekidinez.

Higiene ohiturekin, finean, etorkizuneko ikertzaileak hezi nahi dira laginketa zientifikoaren aurrean hartu beharreko neurriak txikitatik ezagutu ditzaten. Horretarako, beraz, higiene neurri horiek laginketa egiteko moduarekin eta materiala erabili eta zaintzekoekin partekatuko dira.

HIGIENE PROTOKOLOA.pdf